Teknologia berriek aukera eta erraztasun ugari ematen dituzte eguneroko zereginei erantzuteko. Zenbaitentzat, hala ere, tresna bat baino zerbait gehiago da mugikorra, eta ez dezakete hura gabe etsi. Izutu egiten ditu mugikorrik gabe egoteak. Nomofobia dutela esaten da.
Telefono mugikorrik gabe etxetik irteteak sortzen duen beldur irrazionala da nomofobia. Ingelesezko esapide batetik dator termino hori («no-mobile-phone phobia»), eta 2011n sortu zen. Urte hartan, izan ere, ikerketa bat egin zuten Erresuma Batuan, zeinaren bidez jakin nahi zen zenbateko antsietatea sentitzen zuten telefono mugikorren erabiltzaile batzuek etxetik gailurik gabe irteten zirenean eta zenbateraino estutzen zituen bateria gabe geratzeko beldurrak edo estaldurarik edo saldorik gabe geratzekoak. Eta emaitzak aski adierazgarriak izan ziren (ez oso lasaigarriak): gizonen %58 eta emakumeen %48 inguruk fobia hori zeukaten, beste %9k estresa sentitzen zuten mugikorra itzalita zeukatenean, eta parte-hartzaileen erdiek baino gehiagok (%55ek) adierazi zuten antsietatea sortzen ziela isolatuta edo bakartuta sentitzeak.
Espainiako Estatuko datuak ere ez dira nolanahikoak: Granadako Unibertsitatean berriki egin duten ikerketa batek dioenez, unibertsitarioen %8k beldur irrazionala sentitzen dute mugikorrik gabe daudenean (telefonia mugikorra modu patologikoan erabiltzearen ondorio da).
Iturria: http://revista.consumer.es/web/eu/20130901/internet/77419.php#sthash.cOUsCcyE.dpuf