MATE-CHEF: Matematikako argazki lehiaketa

matechef

Lehiaketa hau ikastetxeko ikasle guztiei zuzendua dago eta erakusketa aldian hezkuntza komunitateko kide orok har lezakete parte.

Matematikak jostagarriak izateaz gain zaporetsuak izan daitezke. Hamaika plater daude era esplizitu edo inplizituan matematika erabiltzen dutenak. Horregatik aurten sukaldaritzarekin erlazionatutako argazkiak eta matematikarekin erlazioren bat aurkezten dituztenak eskatuko ditugu.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki original aurkeztu ahal izango ditu(aurkeztutako argazki guztien autoretza zorrotz egiaztatuko dira), bai zuri beltzean bai koloretan. Hauek, argazki paperean aurkeztu beharko dira. Argazkia DIN A4 tamainako kartulina batetan itsatsi beharko da. Kartulinaren goialdean, matematikarekin erlazionatutako kontzeptu edo jakintza bati lotutako izenburua jarri beharko da, eta argazkiaren azpialdean berriz  azalpena bilduko duen testua gehituko zaio. Atzealdean,  parte hartzailearen izen abizenak eta ikasturtea jarriko dira, INOIZ ERE AURREKO ALDEAN (lehiaketatik kanporatzeko arrazoia izan daiteke).

Lehiaketan parte hartzen duten argazkiak Matematikako mintegiak hartuko ditu jabetzan eta mintegiak helburu didaktikoekin erabili ditzake, betiere, argazkiaren egilearen izena emango delarik.

Lanak aurkezteko epea 2016 ko apirilaren 29an amaituko da.

Epaimahaia ikastetxeko irakasleekin osatua izango da. Lanaren originaltasuna, izenburuaren egokitasuna, kalitate plastikoa eta irudiaren teknika eta noski eduki matematikoa eta emandako azalpena hartuko dira kontutan.

Diploma eta 30€ko hiru txeke opari banatuko dira.

Epaia eta gero parte hartu duten argazkien aukeraketa egin eta ikastetxean argazkien erakusketa egingo da.

Share