Abenduaren 9an LHko 1. mailako Administrazio Kudeaketako ikasleekin —AG eta D ereduko taldeekin— Nafarroako Artxibora bisita didaktikoa egin dugu, Enpresa Komunikazioa eta Bezeroaren Arreta moduluko jardueren barruan.
Bisitan, ikasleek artxiboaren bilakaera historikoa, haren eginkizuna eta gaur egungo helburu nagusiak ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, kontsultatuenak diren funtsak ezagutzeko aukera izan dute, bereziki Aro Modernoko tinta bidez idatzitako dokumentuak, eta pergamino zaharrak bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte.
Bisitaren une deigarrienetako bat kontserbazio eta zaharberritze laborategira sartzea izan da. Bertan, dokumentuen mantentze-lanerako prozesuak azaldu dizkigute: izurriteen prebentzioa, papera ez apurtzeko tratamenduak eta masa espezifikoen bidezko berreraikitze teknikak.
Ondoren, dokumentuak zenbaki-ordenaren arabera gordetzen diren biltegietara joan gara, eta azkenik, Carlos III.a Noblearen inguruko erakusketa ikusi dugu. Erakusketa hau Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuarekin elkarlanean antolatua da eta monarkaren garaiko pieza artistiko, dokumental eta arkeologiko nagusiak biltzen ditu. Bereziki aipagarria da, Carlos III.ak gaur egun artxiboa den Nafarroako Erregeen Jauregian urte luzez bizilekua izan zuela.
Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta ikasleek artxibo-lanaren garrantzia eta ondare dokumentala zaintzeko beharra ulertzeko aukera paregabea eskaini du.

