Apirilaren 4tik 8ra Mendillorri BHIn Korrika 22ren inguruan Euskararen Astea antolatu genuen. Asteari hasiera emateko Korrika Txikia prestatzen ibili ginen arren, errepideetan barna ibiltzeko Iruñeko Udalaren debekuaren ondorioz, nahitaez, bukaerarako utzi behar izan genuen eta amaiera bikaina izan zen.
Astean zehar D eta A ereduko ikasleak euskal kulturan murgil zitezen maila bakoitzari egokitutako bestelako jarduerak antolatu ziren.
Alde batetik, Aintzira eraikinean, bertako talde guztiek euskal kulturaren inguruko kahoota ginkana eta “Euskal dantzak” tailerra egin zituzten; baita Adur Etxezarreta eskiatzaile aresoarraren esperientzia zuzenean ezagutzeko aukera ere izan zuten. Horretaz gain, DBhko 1. mailako ikasleak Golem zinemara joan ziren “Txori urdina” filma ikustera.
Beste aldetik, Urak eraikinean euskal musikarien bisita izan genuen, DBH 3. mailakoekin Maite Larburu biolin jole eta kantaria aritu zen eta DBH 4.ekoekin, aldiz, Pantxix Bidart. Bertso saioa ere antolatu genuen Batxilergo 1. mailako ikasleentzat, Bittori Elizalde eta Ekain Alegre aritu zirelarik, ikasleek aldez aurretik prestatutako gaiei erantzunez. Aipatutako talde guztiek Bingo musikatua eta ginkana jardueretan parte hartu zuten. Aipatzekoa da ginkanaren prestaketan ikastetxeko hainbat ikaslek parte hartze handia izan zutela.
Azkenik, A ereduko 3. eta 4. mailetan Txalaparta tailerra egin genuen.
Jarduera hauek guztiak egin ondoren, azkenean, apirilaren 8an, Korrika Txikiaren unea iritsi zen, asteari amaiera borobila emateko.
Aurtengoa, Korrika ezberdina izan zen, ohiko furgoneta eta megafonia Mikelen bizikletak eta bozgorailuak ordezkatu baitzituzten, eta partaideok errepidean barrena korrika egin beharrean espaloietan egin baikenuen. Nolanahi ere, festa ederra izan zen, giro alaia, mezuaren irakurketa, dantzaldiak, partaideen poza… Euskararen Asteari amaiera ederra eman ziona.
Euskararen aste hau aukera paregabea izan da euskal kulturan murgiltzeko eta Korrika Txikia horren erakusle bikaina, A eta D ereduetako partaide guztiok elkarrekin giro euskaldunean disfrutatu dugulako.