Astean zehar ikastetxean euskara hizkuntzaren erabilera bultzatzeko asmoz, Euskararen astean bestelako jarduerak antolatu genituen, besteak beste, kirolari eta musikari ospetsuen hitzaldiak.
Hasteko, Batxilergoko eta DBHko 1. mailako ikasleek Iñaki Perurenarekin Herri-kirola ezagutzeko aukera izan zuten eta aho zabalik utzi gintuen hizlari aparta baita.
Hala ere, Iñaki Perurena ez zen hurbildu zitzaigun kirolari bakarra, DBHko 2. mailakoei Patri Espinar pilotariak bere ibilbidea azaldu zien, bai Euskara nola ikasi zuen, bai emakume kirolariaren esperientzia.
Hauez gain, bi musikariren bisita izan genuen. Alde batetik, DBHko 4. mailako ikasleek Baionako Jurgi Ekizarekin, Willis Drummond musika taldeko gitarra-jole eta abeslariarekin egoteko parada izan zuten. Eta, bestetik, DBHko 3. mailakoei Skakeitan taldeko tekladua den Olatz Salvadorrek bakarka egiten ari den ibilbidea kontatu zien. Beraz, aukera paregabea izan genuen bi artista hauekin zuzenean izateko eta bere musikaz eta esperientziaz gozatzeko.
Bukatzeko, ikastetxeko paretak dar-dar jarri zituzten “Euskal kahoot”ak gauzatu genituen, zeinetan D ereduko taldeek hartu zuten parte, eta euskaraz ere primeran pasa dezakegula egiaztatu genuen.
Nabarmentzekoa da oro har ikasleek izan duten jarrera. Zorionak, denoi! Eta segi euskararekin gozatzen!