Apirilaren 5ean, Nafarroako Memoriaren Institutuak sustatutako “Memoria duten Eskolak” hezkuntza-programaren barruan, Batxilergoko 2. mailako ikasleek “Goyena Arraiza, Emilia” antzezlana (La Nave Teatro Konpainia, Morentin, Nafarroa) ikusi dute Mendillorriko Civivox-en.
Nafarroan familia-plangintzaren prozesuei eta emakumearen erreboltari buruz idatzi zuen lehen emakumea izan zen Emilia Goyena Lizarratarra. 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren biktima, ganbara batean ezkutatuta bizi izan zen bost hilabetez, ama, aita eta anaia bakarra fusilatu eta areka batean bota zituzten bitartean. Argentinan erbesteratua, 103 urte zituela hil zen, “Emakumeak jendartean duen paperaz” idazteari utzi gabe eta atzean utzitako izugarrikeria inoiz kontatu gabe.
Hona hemen ikasleek adierazitako hainbat iritzi:
Asko gustatu zait. Espainian jende askok bizi izan zuen egoera modu adierazgarriagoan eta bisualagoan ikustea gustatu zait. Batez ere, lehen erabat isilarazi zituztelako eta orain benetan gertatu zena gehixeago jakitea ondo dagoelako.
Oso ondo islatzen du garai hartan emakumeak jendartean betetzen zuen papera eta errespetatuak izateko gorde behar zuten isiltasuna. Emakume hau, Emilia, aldiz, bere ahots eta pentsamenduaren alde borrokatzen da, hilabete batzuetan inolako argirik ikusi gabe, ganbaran bakarrik bizirauten saiatzen den bitartean. Aldi berean, antzezlan honek erretratatu egiten du Franco altxatu ondoren Nafarroatik edo oro har Espainiatik ihes egin zuten pertsona horien guztien egoera.