Nafarroako Institutuen arteko Xake Txapelketa irabazi ondoren, Mendillorriko taldea Guardamar del Segurara (Alicante) joan zen apirilaren 25tik 27ra ospatutako Espainiako Txapelketan parte hartzeko.
Espero genezakeen bezala, lehiaketa honetako maila Nafarroako Txapelketakoa baino askoz altuagoa zen eta hasierako rankingaren erdi-behe eremuko taldeetako bat ginen.
Lehenengo txandan txapelketako talderik potenteenetariko baten aurka lehiatu behar izan genuen, Zafrako (Extremadura) IES Suárez de Figueroa, 2024 txapelketan bigarren postuan sailkatu zena. Norgehiagoka hau galdu genuen arren, gainontzeko seietatik hiru irabaztea lortu genuen eta txapelketa 17. postuan bukatu genuen. Sailkapena esteka honetan ikus daiteke.
Esperientzia bikaina izan da gure ikasleentzat, bai lehiaketaren ikuspuntutik zein hoteleko bizikidetzaren ikuspuntutik ere. Datorren urtean itzultzeko irrikitan gaude!