Azaroan Memoria duen Historia Hezkuntzan II. Nazioarteko Kongresua egin zen, Iruñean, uste hau oinarri: beharrezkoa dela transmititzea gure arestiko iragan traumatikoaren —Bigarren Errepublika, Gerra Zibila, frankismoa eta trantsizio demokratikoa tartea— memoria demokratikoa belaunaldi gazteenei hezkuntza-arloan. Bertan, azken bi urte hauetan hazi diren fruituak aztertu (RedMemoria, adibidez, memoriaren aldeko ikastetxe eta irakasleen sarea), eztabaida berriak (eta ez hain berriak) jorratu eta 2022ko Kongresuan behar bezalako arretarik izan ez zuten gai eta sektoreetara hurbildu gara.
Honetan ere Mendillorri BHIk aktiboki parte hartu du: batetik, bi komunikazio aurkeztuz; bestetik, Batxilergoko 2. mailako 4 ikaslek eta 2 ikasle ohik parte hartuz.
Komunikazioei dagokionez, Geografia eta Historia departamentuak bi urte hauetan Mendillorri, memoria duen ikastetxea egitasmoaren baitan landutako proiektuak azaldu ditu, eta Txarli Martinez historiako irakasleak Erorien eraikinaren inguruko proposamen didaktikoa aurkeztu du.
Bestetik, gure ikasleek ikasleen tailerretan parte hartu zuten, non aukera izan zuten Espainiar estatuko beste ikastetxeetako ikasleekin memoria historikoan landutakoaren inguruko esperientziak konpartitzeko eta, ondoren, plenarioan kongresukide guztiei azaltzeko (ondoko bideoan, 0:23:10 minututik aurrera):
Zinez, oso esperientzia aberasgarria izan da, bertaratu ginen ikasle zein irakasleontzat.