Urriaren 15ean, Euskarabideak Baluarten antolatutako Sarean Euskaraz jardunaldietara joan ginen D ereduko batxilergo 1. mailako ikasleekin. Bertan, interneten euskaraz ibiltzeko hainbat baliabide ezagutzeaz gain, honen erabilera arduratsua nola egin beharko genukeen ere landu genuen.
Goiza hiru saiotan banatua izan genuen. Lehenik, interneteko erabilera eta bertan lasaitasun zein segurtasunez nabigatzeko hainbat informazio jaso genuen. Ondoren, Egunean Behin aplikazioarekin hiru partida egin eta gero, Breakout jokoan aritu ginen. Segidan, Ibil bedi taldeko Amets Aranguren eta Ibai Osinagaren kontzertutxoarekin gozatzeko aukera ere izan genuen.
Eta jardunaldia bukatzeko, laborategietan murgildu ginen. Bertan, musika sortzeko aplikazioak ezagutu genituen, bideo-jokoekin eta errealitate birtualarekin jolasteko aukera izan genuen, bideomapping-arekin ere trebatu ginen, argazkilaritzaz gehiago ezagutu genuen eta robotikaren inguruko ezagutza areagotzeko parada ere izan genuen, besteak beste.
Laburbilduz, sarean euskaraz murgildu ginen eta ikasten primeran pasa genuen.