Zer gertatuko da bideojokoekin?

Bideojokoen industria gaur egun geroz eta garrantzi handiagoa izaten ari duen sektore bat da. Urrun geratzen dira garai horiek zeinetan lagun taldeak etxean geratzen ziren elkarrekin kontsolean aritzeko. SNES, Nintendo 64, Game Boy, Game Cube eta PSOne bezalako kontsolen denboraldiak jadanik pasatu dira eta hauen ordez, gaur egun, PS4, XBOX One eta laster salduko den Nintendo Switch-en txanda da. Honetaz gain, esan beharra dago PC-ak inoiz baino hobeto daudela. Aipaturiko azken kontsola zein ordenagailu hauek duela zenbait hamarkada erabiltzen zirenak baino potentzia gehiago eta grafiko izugarri hobeak dituzte. Dena den, azken urte hauetan dena aurrerapenez beteta egon da? Jarraian adieraziko denez, gauzak asko okertu dira…

Has gaitezen esanez, gaur egun kaleratzen diren bideojokoen kalitatea nahiko txarra dela. Berez ez dira txarrak (salbuespenak salbuespen), baina hobe eginda egon litezke enpresek beharrezko denbora hartuko balute. Izan ere, saga batzuen jokoak urtero salgai jartzen dira eta ondorioz, gutxi eboluzionatzen da batetik bestera. Adibide gisa, hain famatua den Call of Duty saga aipatuko dugu. Kasu honetan, 2003an lehenengo Call of Duty jokoa sortu zenetik, gutxienez urtero bat kaleratua izan da. Honengatik guztiarengatik, azken denboraldi honetan hainbat eroslek kexatu izan dira kalitate oneko produktuak eskatuz.

Bigarrenik, DLC-ak (DownLoadable Content) edo eduki deskargagarriak daude. Eduki hauek bideojokotik kanpo geratzen dira eta aparte salgai jartzen dira nahi duenak eros ditzadan. Ideia, berez, ez litzateke txarra izango eduki hauek joku originaletik “moztuta” izango ez balira. Kasu gehienetan DLC-en bidez eskainitako edukia jatorrizko jokukoaren parekoa izan ohi da. Hau gutxi irudituko balitzaie enpresei, gainera DLC-ak elkartu eta Season Pass deituriko super DLC-ak sortzen dituzte. Hauen prezioa 40-50 euro ingurukoa izaten da normalean; hau da, ia ia jatorrizko jokuarena bezalakoa. Esate baterako, 2016ko azaroan kaleratu zen Battlefield 1 bideojokoaren prezioa 50-60 eurokoa izan zen eta bere Season Pass-ena 50-koa. Zalantzarik gabe, hau onartezina da.

Azkenik, kontsolekin gertatzen ari dena aipatzea gustatuko litzaidake. Lehen, kontsola baten “bizi-itxaropena” 6-8 urtekoa zen. Epe horretan, jokalari guztiak baldintza berdinetan zeuden guztiek kontsola berdina baitzuten. Garai horretan modelo berriak sortzen zituzten, baina soilik kontsolek toki gutxiago hartzeko (txikiagoak egin) edo konponketa txikiak egiteko. Berriz, azken urteetako egoera guztiz kontrakoa da. Orain, txit normala da bi urtez behin, gutxi gorabehera, aurrekoak baino potentzia handiagoko eta aukera gehiagoko modeloak egitea. Modu honetan, jokalarien komunitatea eta elkartasuna oztopatzen da eta oraindik garrantzitsuago, jendeari dirua “lapurtzen” diote. Aipa dezagun Microsoft-ek Xbox-ekin eta Sony-k Playstation-ekin egindakoa. Bai Xbox ONE bai PS4 2013ko azken hiruhilabetean estreinatu ziren. Hiru urte igaro ondoren, pasa den azaroan, PS4 Pro izeneko kontsola potenteago bat kaleratu zuten. Bestalde, 2017. urtean zehar, Xbox ONE-ren modelo berria, Project Scorpio hain zuzen ere, estreinatuko da.

Aurreko guztia laburbilduz, nahiz eta arlo teknikoan bideojokoen industrian aurrerapausu izugarriak egon diren, hauek saltzeko eran eta kontsumitzaileekiko jarreran ere izugarrizko atzerapenak egon dira. Argi eta garbi hemen azaldu denez, enpresek kantitatea kalitatearen gainetik ezarri dute beraien poltsikoak diruz betetzeko. Honek horrela jarraitzen badu, ziur nago lehenago edo geroago, burbuila honek eztanda egingo duela eta hala enpresentzat nola kontsumitzaileentzat kaltegarria izango dela. Beraz, zer gertatuko da bideojokoekin?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.